SOS PARKEA (Diario Vasco, 2017-05-17)

Honela idatzi zuen Aritz Gorrotxategi-k lehengo astean Diario Vasco egunkarian, azken orriko ‘Plaza de Gipuzkoa’ zutabean. Irakur, irakur ezazu, beste azalpenik ez du behar.

SOS PARKEA
“Uliako Mintegien parkea erdi ezkutua dago. Arzak jatetxetik behera egiten baduzue, Grosera bidean, Uliara daraman errepidearen parean hain justu, hesiz eta adaburuz inguratutako gune bat ikusiko duzue. Hortxe dago parke bat, kanpoaldean SOS leloa daraman kartel bat duela. Izan ere, zenbait animalia espezie bezala parkeak ere desagertzeko zorian egon baitaitezke.

Donostiako lorategiek hornitzeko haztegi gisa erabiltzen zen, baina 2007 itxi zuten. Hortik aurrera, Uliako auzo elkarteak gogor lan egin zuen leku hura parke bihurtu eta hiritar guztien eskura jartzeko. Ez da parke arrunta. Are gehiago, duela mende bat Jose Goikoa arkitektoa edota Pierre Ducasse lorezain-maisua profesionalek diseinaturiko parkea da, eta ohiko estereotipoetatik ihes egiten du. Haurrei jolas ezberdinetan askatasunean murgiltzeko aukera ematen die: hondarguneak, baratzak, bizikleten gurpilekin egindako hamakak, etxeko tresnekin egindako musika instrumentuak… Bestalde, parkearen balioa berrestera etorri zen Aranzadi Zientzia Elkarteak guneari buruz egindako txostena, etxalde osoaren aberastasuna aitortzen zuena. Hain zuzen ere, joan den asteburuan ospatu zen parkean udaberriko jaialdia, jendetsua inondik ere.

Kontua da Udalak parkea urbanizatzeko asmoa duela, eta Hiria Antolatzeko Plan Orokorrean lur eremuaren urbanizazioa aurreikusten dela. Auzokoak eta hainbat hiritar ekimen horren aurka ari dira borrokan. Egia esan, nekez imajina dezakegun apartamentu sorta bat Alderdi Eder dagoen tokian, edota Kristina-Enea urbanizatuta. Pena litzateke udalak bide hori hartzea eta berdegune hori hondatzea. Batez ere, Donostian bertan horrenbeste etxe hutsik egonda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*